Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 16ra arte dago zabalik
Beste behin, zientzia eta teknologia arloan izaera berritzailea duten Euskal Autonomia Erkidegoko startupek eta enpresa-proiektuek hitzordua dute sari hauekin, hain zuzen, Euskadiko ekimen ekintzaileak aitortzeko eta haien sustatzaileei jardueraren hasieran laguntzeko sortutako sariak. Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoa erakundeak gaur goizean aurkeztu dute Toribio Echevarria sarien 34. edizioa, ekintzailetza berritzailearen erreferentzia nabarmenetako bat.
Toribio Echevarria sariek bi kategoria nagusi dituzte: “Startupak eta Enpresa-proiektuak” eta “Enpresa Berritzaileak”. Kategoria bakoitzeko proposamen irabazleek 10.500 euroko diru-saria jasoko dute, eta proiektu horiek garatzeko funtsezkoak diren laguntza-, finantzaketa-, aholkularitza-, mentoretza- eta prestakuntza-programetan parte hartzeko aukera izango dute. Horiez gain, sari bat dago nazioartekotze-bidean laguntza behar duten enpresa-ekimenetara bideratua eta beste bi sari berezi Eibarko Udalak ematen dituenak.
Jon Iraola Eibarko alkateak, Laura Espin BIC Gipuzkoako proiektuen zuzendariak eta Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako Saileko zinegotziak gaur goizean aurkeztu dute aurtengo edizioaren deialdia, Toribio Echevarria Sariek enpresa-ekimen berriak bultzatzeko orduan duten eragina azpimarratuz.
Hautagaiak Euskal Autonomia Erkidegoko startupak eta enpresa-proiektuak izaten dira, berrikuntza zientifiko-teknologikoan ardaztuak. Kategoria bakoitzean aurkezteko baldintza eta oinarri guztiak www.toribioechevarria.com webgunean kontsulta daitezke. Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 16an amaituko da.
Sari bereziak
Eibarko Udalak, gainera, beste bi sari berezi ere ematen ditu “Eibarko Enpresa” eta “Espezializazio Estrategikoa” izenekoak, herriko enpresa-sare berritzaile eta lehiakorra garatzen laguntzeko.
Bi sari horietako bakoitzak 10.500 euroko dotazioa du eta BIC Gipuzkoa erakundearen bidez formazio espezializatua jasotzeko aukera. Bi kasuetan, oinarriek ezartzen dute enpresa irabazleek egoitza Eibarren izan behar dutela edo konpromisoa hartzen dutela herrian ezartzeko, Saria eman eta gehienez urtebeteko epean eta gutxienez bi urterako.
“Eibarko enpresa” saria beste bi kategorietako edozeinetan aurkeztutako hautagaitza bati emango zaio; irizpidea izango da kalitate eta berrikuntza maila handia eskaintzea eta merkatuari balio-proposamen bat egitea; eta baita inbertsioa eta enplegua sortzeko ahalmena izatea ere.
“Espezializazio estrategikoa” sariaren kasuan, kirolaren alorreko egitasmoak lehenetsiko dira; nolanahi ere, Udalak sustatutako beste arlo estrategiko batzuk ere aintzat hartuko dira, hala nola energia eta manufaktura aurreratua, bereziki, mikrodoitasuneko mekanika eta robotika.
Balorazioak
Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du “erakundeok eta administrazioek gai izan behar dugu, bakoitzak bere posiziotik, ekintzaile horiei talentu hori gauzateko eta beharrezkoak diren tresnak, laguntza, aholkularitza eta baliabideak emateko”.
Vanesa Hortas Ekonomiaren garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak adierazi duenez, “Toribio Echeverria Sari baten finalista edo irabazlea izateak pizgarri animikoa eta profesionala ematen die enpresa eta ekintzaileei, aurkezpen-gutun horrekin bezero eta inbertitzaile izan daitezkeenen aurrean aurkeztu ahal izateak ateak irekitzen baitizkie eta baliabideak eskuratzeko erraztasunak ematen dizkie. Adibidez, Scrapad, Atten2 edo Wellk bezalako enpresa sarituak nabarmendu ditzakegu, Teknikerren kokatutako inkubagailu teknologikoan, Eibarko Udalak finantzatuta eta BIC Gipuzkoak kudeatuta, heltzen eta hazten ari direnak”.
Azken edizioetan 800 ekimenek baino gehiagok parte hartu dute, eta guztira 45 milio euroko inbertsioa egin da. Eibarko Udaletik ekimen honen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, Eibar teknologia- eta industria-ekintzailetzaren puntuan kokatzea ahalbidetzen duena, eta Teknikerrekin lankidetzan, uste dugu lanean jarraitu behar dugula proiektu hauek Eibarren kokatu ahal izateko eta udalerrian enplegua eta eragin ekonomikoa sortzeko. Gaur egun, Teknikerren dagoen inkubagailuak oinarri teknologikoko 5 enpresa hartzen ditu, aldi berean 43 pertsona enplegatzen dituztenak.
Laura Espin BIC Gipuzkoako proiektuen zuzendariak adierazi duenez, “sari hauek aukera ematen dute bai ekintzaileen bai enpresen talentua eta berrikuntza-aukerak azalarazteko. BIC Gipuzkoari dagokionez, sari hauetan parte hartzeak indartu egiten du berrikuntzaren eta ekintzailetzaren sustapenean dugun konpromisoa, horren guztiaren helburua baita inpaktu positibo bat sortzea gure ingurune ekonomiko eta sozialean, eta hori guztiz garrantzitsua da etorkizunari begira.
Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimen bat da eta bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak. Parte hartzen dute, baita ere, SPRI entitateak, Gipuzkoako Ganberak, Elkargik, APDk, Debegesak, Confebaskek, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresari-elkarteek.