15 proiektu finalista Toribio Echevarria Sarien 32. edizioan

  • Sariak datorren uztailaren 20an banatuko dira Eibarren
  • Iaz hildako Alex Bengoa Teknikerreko zuzendari nagusi ohia omenduko dute ekitaldian

Eibar, 2022ko uztailaren 15a.- 32 startupek eta enpresa-proiektuk parte hartu dute sari horien 32. edizioan. Sari horiek Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatu dituzte, berrikuntza teknologikorako ahalmen handia duten ekimen ekintzaileei laguntzeko. Horien artean, deialdi honetako irabazle izatea asmo duten hamabost proiektu finalista aukeratu ditu epaimahaiak.

Toribio Echevarria Sariak bi kategoria nagusitan deitzen dira: “Enpresako-ideiak/proiektuak” eta “Enpresa berria”. Horietako bakoitzak 10.500 euroko zuzkidura ekonomikoa du, eta laguntza, finantzaketa, aholkularitza, mentoring eta prestakuntzako programetan sartzeko aukera. Halaber, nazioartekotze-prozesuan laguntza behar duten enpresa-ekimenei zuzendutako sari bat dago, baita Eibarko Udalak emandako aparteko beste bi sari ere.

Ekintzailetzan eta enpresa-garapenean esperientzia handia duten pertsonek osatutako epaimahai batek aukeratu ditu proiektu finalistak. Foodtech-en, osasunaren, biozientzien, kirolaren, material berrien eta mugikortasunaren esparruan sartzen da haien jarduera.

‘Enpresa-ideiak/proiektuak’ kategoriako finalistak

  • Aotech. Hurbileko infragorriaren espektroskopian oinarritutako soluzioak garatzea, elikagaien produkzioa online eta denbora errealean karakterizatzeko.
  • Ventipet. Erradiofluoratutako gasetan oinarritutako soluzioa, biriketako aireztapen-funtzioa karakterizatzeko.
  • Zelula Biopharma. CAR-Tn oinarritutako terapia zelularrak garatzea.
  • Txakur-unitateen entrenamendurako beita berriak garatzea eta merkaturatzea, lehergaiak detektatzeko.
  • Cycling Dinamic Trainer. Bizikletaren benetako mugimenduak simulatzen dituen indoor ziklismoko arrabola.
  • FoodTech sektorera bideratutako bioerreaktoreak, zehazki doitasun-hartzidurara eta zelula-hazkuntzara bideratutakoak.
  • Nanokide Therapeutics. Gibeleko minbizi metastasikoari aurre egiteko prototipo terapeutikoak garatzea eta merkaturatzea.

‘Enpresa berria’ kategoriako finalistak

  • Wellk. Jarduera fisikoa sustatzera bideratutako sportech produktu/plataforma digital berriak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.
  • Robtrusion. Beira-zuntzezko konpositeen profil kurbatuak fabrikatzea pultrusio robotizatuko teknologiaren bidez.
  • Cimico. Hondakin-urak tratatzeko teknologia biologiko berritzaileak garatzea, merkaturatzea eta aholkularitza.
  • Kimubil. Patinete elektrikoa diseinatzea, garatzea eta fabrikatzea industria- eta hiri-erabilerarako.
  • Proteinmat. Ehunen ingeniaritzara bideratutako biotintak diseinatzea eta fabrikatzea.
  • Ikerketa biomedikora bideratutako plataforma konputazional aurreratua.
  • Moov Drives Technology. Ibilgailu elektriko arin bakoitzaren beharretara egokitutako eta optimizatutako trakzio elektrikoko sistemak diseinatzea eta fabrikatzea.
  • Trak. Adimen Artifizialaz lagundutako telerrehabilitazioko soluzioa.

Aparteko sariak

Toribio Echevarria sarien aurreko edizioetan bezala, Eibarko Udalak aparteko bi sari emango ditu, “Eibarko enpresa” eta “Espezializazio estrategikoa” izenekoak, herrian berrikuntza eta ekintzailetza teknologikoaren aldeko apustua indartzeko.

“Eibarko enpresa” saria beste bi kategorietako batean aurkeztutako hautagaitzetako bati emango zaio, baldin eta, epaimahaiaren iritziz, kalitate eta berrikuntza handia eskaintzen badu eta merkatuari balio-proposamen bat badakarkio, baita inbertitzeko eta enplegua sortzeko potentziala ere. “Espezializazio estrategikoa” sariaren kasuan, kirolaren esparruko proiektuak lehenetsiko dira, baina kontuan hartuko dira, halaber, udalak babestutako espezializazio estrategikoko beste arlo batzuk, hala nola energia eta manufaktura aurreratua, bereziki, mikrodoitasuneko mekanika eta robotika.

Entrega-ekitaldia

Toribio Echevarria Sarien 32. edizioaren banaketa ekitaldia datorren asteazkenean, uztailak 20, goizeko 11etan izango da Tekniker eraikinean, Eibarren. Hala, Covid-19ak markatutako azken bi urteen ondoren, ohiko formatua berreskuratu da.

Ekitaldian izango dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Estibaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea.

Ekitaldian zehar, Multiverse Computing enpresaren sortzaile Enrique Lizasok eta Roman Orusek kontatuko dute Gipuzkoan konputazio kuantikoko startup bat sortzen izandako esperientzia.

Ekitaldi honetan, halaber, omenaldia egingo zaio Alex Bengoa Teknikerreko zuzendari nagusi ohiari.

Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatutako ekimena dira. Ekimen horretan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak. Era berean, SPRIk, Gipuzkoako Bazkundea, Elkargik, APDk, El Diario Vascok, Debegesak, Confebaskek, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresa-elkarteek ere parte hartzen dute.